XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LABURPENA: 1. Merkataritzako zuzenbidearen eraketa historikoa. -2. Merkataritzako zuzenbidearen kontzeptua. -3. Zuzenbide horren etorkizuna. -4. Egungo Merkataritzako zuzenbidearen ezaugarriak eta beraren joera eraberekotzailea. -5. Europako Erkidegoen Merkataritzako zuzenbiderantz. -6. Merkataritzako zuzenbidearen sistema.

1. Merkataritzako zuzenbidearen eraketa historikoa. -Zuzenbidea arauen sistema da, eta sistema horrek gizakien arteko harremanak arautzen ditu nahitaez, gizaki horiek gizartearen kideak diren neurrian (Zuzenbide objektiboa).

Zuzenbide hori hi arlo nagusitan zatitu da erromatarren garaietatik: publikoa eta pribatua.

Orobat, Zuzenbide zibila eta Merkataritzako zuzenbidea dira Zuzenbide pribatuaren oinarrizko bi adarrak.

Zuzenbide pribatuaren zatiketa hori, dena den, ez da betikoa.

Erromatarren garaian, Merkataritzako zuzenbidea ez zen Zuzenbide pribatu erkidearen (ius civile) adar bereizia.

Garai hartan, Zuzenbide erkide hori merkataritzako trafikoari egokitu zitzaion, beste arrazoi batzuen artean, pretoreak gauzaturiko jardueraren bitartez.

Horrenbestez, Goi Erdi Aroan ikusiko dugu lehenengoz Merkataritzako zuzenbidea autonomiadun antolamendu juridiko gisa, hots, Zuzenbide erkidetik bereizia.

Merkataritzako zuzenbidearen jatorria merkatarien gremio edo botigo nahiz korporazioei lotuta egon zen.

Botigo zein korporazio horiek merkataritzako hirietan antolatzen ziren Erdi Aroan, Klasearen interesak hobeto defendatu ahal izateko.

Korporazioak ezin hobeto antolaturik zeuden.

Alde batetik, estatutu idatzien bidez arautzen ziren; estatutu horietan merkataritzako eginera tradizionalak jasotzen ziren batez ere.

Bestetik, merkatarien auzitegiak sortu zituzten (jurisdikzio kontsularra), pertsona elkartuen arteko arazoak konpontzeko.

Auzitegi horietan merkataritzako usadio eta ohituren arabera administratzen zen justizia.

Ondorenez, antzinako usadioek euren horretan irauteaz gain, usadio berriak ere sortu, merkataritzako erakunde juridikoak bilakatu eta hobetu egin ziren.

Halaber, azkar jaso ziren idatziz auzitegi kontsularren erabakiak, eta korporazioen jarduerari esker estatutu eta jurisdikzio jarduera Merkataritzako zuzenbidearen lehendabiziko arau bildumak agertu ziren.

Horietan dago Merkataritzako zuzenbidearen jatorria sistema autonomo gisa, hau da, Zuzenbide zibiletik kanpo.

Bestalde, hiri nahiz udalerrietako estatutu eta ordenantzek eragina izan zuten garai horretan Merkataritzako zuzenbidearen garapenean.